Aurtengo edizioan, aldaketaren bat egingo da ibilbidean, 2019ko edizioaren aldean.
Gaur, komunikabideei aurkeztu zaie 2021eko Donostiako Women Klasikoako ibilbidea, eta, bertan, Julián Erasok ibilbidean egindako aldaketen berri eman du. Azken edizioaren aldean, aurtengoan behin baino ez dira igaroko Murgiletik. Igeldotik Oriora jaisteko errepideko baldintzen ondorioz, lasterketa ezin da hortik igaro, eta, segurtasunagatik, ibilbidearen lehenengo zatia aldatzea erabaki da, lasterketak kilometro gehiago izan dezan eta gogorragoa izan dadin.
Lasterketan, 4 mendate puntuagarri egongo dira beti bezala. Aia (3. mailakoa) eta Gurutze (3. mailakoa) aurtengo mendate berriak izango dira, Jaizkibeli (2. mailakoa) eutsiko zaio eta Murgileko aldapak (2. mailakoa) azken urratsa izango dira helmugara iristeko.
Edizio honetan, tarteko 2 sprint egongo dira: batetik, Hondarribian; eta, bestetik, Donostiako Bulebarreko helmugatik lehen aldiz igarotzean.
Ibilbideak azken ediziokoak baino 12 kilometro gehiago izango ditu, eta azken hori bezain gogorra izango da. Ikuskizuna bermatuta dago.